Gaur duela 191 urte hil zuten Madrilgo plazako urkamendi batean Rafael del Riego izeneko gizona. Urte askoren ostean sortuko zen Errepublikako ereserkiaren sortzailea. Behin urkaturik, nahikoa ez, eta burua moztu zioten herritarren muturren aurrean odola isuriz. 1820an Fernando VII.aren aurka altxatu zen gizon hura, hiritarren askatasunaren bila. Amerikako iraultza zapaltzera zihoan armada osoa bere esku izanik, ozeanoko bi aldeetan ideia liberalen arrakasta bideratu zuen gizon hark. Alde honetan, ezpataren mehatxuaz estu eta larri jarri zuelako Borboi absolutista hura, beste aldean berriz, hemen gelditu ziren tropek ez zutelako latinoamerikarren gogoa zapaltzerik izan.
Riegoren hiru urteko abentura liberala ordea atzerriko armada atzerakoi batek zapaldu zuen. Giza eskubideak, botere banaketa eta herriaren subiranotasuna aldarrikatzen zituen gizon hura gertukoenek abandonatuta erori zen bere hiltzaileen eskuetan. Halakorik berriz inork egin ez zezan, haren memoria debekatua izan zen Espainiako erreinuan. Debekuak debeku ordea, iraultza liberalak ezin izan ziren gelditu.
Herriaren borondatea zapaldu arren, sarri jaiotzen dira hilotzaren inguruan kimu berriak. Errealitatea ikusi nahi ez duenak, hura zanpatu eta bistatik aldentzea nahi izaten du. Igande honetan kontsulta ezagunaren hilotzaren inguruan gertatuko denak erakutsiko duen bezala, zaila da errealitatea debekatzen saiatzea Espainiako erreinuan.