Badira aste pare bat urte berrian sartu ginela, urte zahar gau hartan egindako promesa askotxo jada apurtuak izanen ditugun arren, oraindik buruan dugu pertsona moduan hobetzeko gure buruari egindako zina. Inguruan duguna gehiago baloratzea, gure ekintzen ondorioei neurria hartzea, maite duguna zaintzea… Ilbeltzaren hasierak ematen digun indar hau probestu eta aldamenean ditugunei zabaltzeraino xurgatu beharko genuke inertzia kolektibo hau. Guk geuk egiten ez baditugu ziurrenik inork ez ditu gugatik egi bihurtuko gure ametsak.
Ametsak ez, baina amesgaiztoak beste kontu bat dira. Haiek bai egi bihurtu ohi dizkigutela besteek eskatu gabe. Guztiona dena bereganatzen adituak diren horiek dira trebe lan horietan. Gure lurra zulatu, dardarazi, lehertu eta barrenean duena atera nahian dabiltza zenbait petrolera gure inguruan. Gasa eta petrolio likatsua gurean ba ote den begiratu nahian, suntsitutako Euskal Herri bat utziko digute ordainetan. Fracking-aren kontrako legeak ditugun arren, borondateak erosi nahian Madrildik etengabe dabiltza autonomietako gobernuekin ustezko hidrokarburo hauen ustiaketen etekinak partekatuko dituzten promesak botatzen. Taxuzko politikari bati ordea ez zaio komeni oraindik halako tratuak onartzea. Gizartearen haserrea hauteskunde aurretik pizteko arriskua ekidin nahiko dute oraingoz. Behin tramitea pasata, argi gai honekin zer gertatuko den, diruaren borondateak ez baitu balaztarik.