Txikitatik entzun dugu lurra jabetzan izatearen garrantziaz. Arbasoen lurren berri ematen ziguten gure herriko edozein txoko bisitatzean. Zer lantzen zuten bertan, zein bizipen edo tragedia gertatu ziren paraje haietan... Garai bateko ohiturek alfertzat jotzen zituzten beren lurrak goldatzen ez zituztenak. Soroen zentimetro bakoitza produkziorako bideratu beharra zegoen etekinik emanen bazuen. Gure artean belarrez estalitako lorategiak agertzean, harriduraz begiratzen zituzten herriko zaharrenek. Euren ustez, belarra toki aldapatsu edo antzuetan baino ez baitzen hazten. Gainontzekoak, belar txarrak.
Gaur egun ordea, horrenbeste neke eta izerdi sortu zituzten lur haiek belarrez estaliak daude lozorroan. Lurjabe gehienek artzainei errentan emanak dituzte soro izandako belardiak, hauen etekin eskasa ardiek daramate sabelean. Buruan sartu ziguten lurraren jabetzaren ideia hura ahaztu zaigu. Lurrak zituenak bere gizontasuna haiek lantzen erakusten zuen, egun berriz, haiek dituenak lurra kontserbatuz erakusten du. Erabili ez arren, saltzeko lotsak baino ez dirau. Antzinako nobleen antzera, jasotakoa handitu baino ezin daitekeela pentsatuz. Saldu inoiz ez.
Agian, berriz ikusiko ditugu soroak herri osoak elikatzen, noizbait esnatuko dira lozorro luzetik. Jabeek haiek piztean, edo goseak hala behartuta. Espero dezagun ez zaigula ahaztuko nola lantzen ziren lur emankor hauek, lozorroak dirauen arren iraganean izan ziren bezala, gure sostengua izan baitaitezke etorkizunean.