Barga gainean maiatza zutik ikusteko desiotan, elorrien lore zuriak paisaia edertzen, udaberriko zizak hauen oinetan, urteko sasoi ederra datorkigu. Basoaren berde argia atsekabearen aurka sendagai bihurtzen da udaberri bete-betean. Komunikabideen tertulien burrunbak erleenaren aldean jasangaitz, mendiko putreak bulego eta jarleku boteretsuetakoak baino nahiago. Lore-hautsak sortutako atija maiteago errauskailuen kiratsa baino. Beleen iskanbilak telebistaren zarata baino arinago.
Gora, mendian gora egiteko gaur egungo gaitzak ahazteko aukera dugu oraindik. Gailurretik begira gauzak argi ikusteko baimena. Buruko minak arintzeko, gehiegizko informazioa baztertzeko eta bihotzetik begiratzeko unearen bila abiatu gaitezke haitzetan gora. Arazo pila han behean geratu dira egunerokotasunean. Agintariek nola aginduko duten, herritarrek beren bizitzetan aurrera nola eginen duten, elkarren gainetik nork nor begiratuko ote duen.
Behera, mendian behera berriz ere han daude utzitako gaitzak bere lekutik mugitu ere egin gabe, haiek ez baitira berehalakoan desegingo. Erabakiak hartzea gizakien askatasun eta gehienetan pisu astun. Gure lurra hobea izan dadin buruari biraka, ez dezagun gal oinordetzan jaso genuena. Ondorengoek ere aukera izan dezaten mendian gora egin eta elorrien lore zuri artean, behor eta ardien joaleen erritmora, zeru urdinaren mantupean arazoez ahaztu eta gure lurra maitatzen ikasteaz.