Waterloo

Atzo, ekainak 18, Napoleon behin betiko garaitua izan zen Waterloo-ko borroka zelai ospetsua izan zeneko berrehun urte  bete ziren. Abbaren kantu ezagunaz gain, Belgikako herri horren izena porrotaren sinonimo bihurtu da literaturan. Vietnam bat jasatea edo Waterloo bat jasatea mingarria benetan inperioentzat. Napoleonen izaera ez zegoen galtzeko prestatua, errealitatea onartu ezinaren eredu da, behin Elba uharte italiarrera erbesteratu ostean boterea berreskuratzen saiatu zen enperadorearena.

Gurean ere badira porrota onartzeko gaitasunean eskasak diren agintariak. Behin galdu ostean dolu prozesua autokritika egiten pasa ordez, besteek egi dela dioten errealitate hori faltsua dela esaten dutenak. Madrilen Agirre ultraliberalaren ezintasunak bere programa politikoa sozialistekin partekatzen zuela esan zuenekoa eredu. Baita gertuago ere, Nafarroako enperatriz izandako emakumearena,  irrati inperialistetan zabaldu zuen Nafarroa Hitler aurreko Alemaniara gerturatzen hasia zela, edota hauteskunde sistema aldatu beharra zegoela jasotako egurra ikusi eta ulertu ezinik.

Napoleon Atlantiko erdiko irla txiki batera erbesteratu zuten, itzuliko zen beldurrez itzultzeko pasaiarik gabeko bidaian. Guk hemen ez dugu inor erbesteratuko, baina Kantabria urrunean egindako jauregietan erbesteratuko ote du  bere burua, jada ez den Nafarroa baten itxura zaharkitu eta ustela aldarrikatu zuen euskaldunen etsai haren memoria.