Akabo oporrak. Uharteko Artzai Egunak zapore gazi-gozoa utzi ohi digu sakandarroi, festa ederra eta maitea, baina baita oporren amaieraz ohartarazten diguna. Han ikusi ohi dugu elkar opor eguzkitsuetatik bueltan, bakoitzaren larruazalaren iluntasunaren arabera jakin dezakegularik itsas bazterren batean eguzkitan igarotako egun kopurua zenbatekoa izan den. Zenbat eta ilunago, arik eta opor luzeagoak izan ditugunaren seinale.
Uharten egon nintzen igandean eta egindako bueltak argi utzi zidan zein den festa honen zergatia. Sakandarra oporren lasaitasunetik atera eta lanerako prest jartzea. Artisau postuetan lanean dabiltzan gizon eta emakume horiek lanean ikusi nituen igandea zen arren. Forjari eta kaikugile edo artile ehuleak hantxe lan eta lan ikusteak psikologikoki prestatzen gaitu gu ere epe motzean lanean hasteko. Gazta postuen artetik, gazta apurrak probatzen goazenean, hilabete bukaeran jasoko dugun soldatan bezala, gazta ikusi bai, baina apurrak jasoko ditugula argi uzten digute. Aurrerago ardi latxak itxituretan sarturik ikustean, lantokia datorkigu burura, bai eta txakur arraza desberdinen erakusketan entzun daitezken zaunkek, nagusiaren errietak gogorarazi. Laster ditugu begi bistan ardiak biluzten dituzten ile moztaileak, bankuak gogora. Arratsaldean artzain txakur probak, ardiak itxituran sartzera behartuz, agian gure abuztuko askatasuna amaitu denaren seinale. Segi lanera!