Askeak garela pentsatzen dugu. Gure gizartean askatasuna bermatua dugula. Rousseau pentsalari frantsesak XVIII. mendean zioen bezala, askatasun naturala eta zibila desberdinak dira. Arrazoiaren eta zientziaren defendatzaileek lege eta arauen bidez gizarte justuago bat sortzeko ametsa izan zuten. Kontratu soziala, konpromiso pertsonalean eta gure izaera naturalaren ukapenean oinarritua. Askatasun zibila, gizakien ametsa, kontentziozko marko itxian mantendu beharrekoa.
Baina beste askatasun bat bada, askatasun naturala deitu zion idazle ilustratuak. Naturala, gizakien desira eta nahiak indarraren legeaz lortzeko askatasuna. Arau eta legeen gainetik, gure askatasun berekoien hura indartsuenaren eskura.
Mende parea daramagu bi askatasun hauen artean dantzan. XIX. mendeko erromantikoek arau eta konbentzio zibil haiek gainditzen hasi zirenetik. Bihotz askeari segika. Zuzenbide estatu zurrunaren aurrean emozio eta grinen bultzada.
Naturala bai, baina bortitza ere bai. Gaztearen odol beroari egokitu ohi diogun askatasun hori bere seneatik atera dezake desira haiekin obsesio bat sortzeko gai den hura. Bakoitzaren askatasuna bestearena hasten denean amaitzen dela entzutean burura datozkit frustratzen ikastea negatibotzat hartzen dutenak. Burura datozkit sexu eraso eta bortizkeriak. Gure askatasun naturalari mugak jartzea baino ez baita askatasun zibila. Guztion hobe beharraz guztiek irabaz dezagun.