Slow mountain

kolaboratzaileak

Aurrekoan entzun nuen slow mountain kontzeptua lehen aldiz. Slow food delakoaren pare mendi auzitan. Juanjo Garbizu mendizaleak idatzitako liburu baten izenburua da. Mendian lasaitasun eta patxadaz ibiltzean oinarritutako filosofia, gailur berriak ezagutu eta ezagunak berriro ere biziz aritzea. Azken urteetan sortutako mendiko lasterketa eta muturreko frogek mendizalearen sena bera ere zalantzan jarri eta hari buruz gogoeta bat egitea beharrezkotzat jo du Garbizuk.

    Bat-batekotasunaren munduan murgildurik, estresak jotako langileak mendiak autoko kristalaren beste aldetik pasatzen ikusten ditu soilik. Han goian izango diren paisaien bakea irrikatuz, aurrera doa gasoila xahutuz haraneko autobiatik. Aske sentituko bada harkaitz zuri tartean ikusi behar du bere burua, lasaitasun desiratua intimitate hartan gozatuz. Baina mugikorraren arreta tiranikoak marka berriez bonbardatzen dute haren xede erromantikoa.

    Slow mountain, mendizalearen behar horren isla da. Gaur egungo lehiakortasun antzuak, gure markak etengabe sare sozialetan argitaratuz, mendian bilatu nahi genuen hura ahatzarazi digu. Adrenalina apur bat eta errekonozimendu sozial batengatik bada ere, zentzurik ba ote du kronometroari begira mendiak igotzea inguratzen gaituenaz gozatu gabe? Gure munduaren gaitza, besteen gainetik gelditu behar indartsu horrek irensten ditu bizitzako edertasunak. Begiratzen ez dakienak ezin ikusi.