Erromesak bidean

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Reparaz Extramiana 2017ko api. 28a, 08:14

kolaboratzaileak

Santiagoko bideak Sakana zeharkatu behar omen du berriro ere. Erdi Aroko bidea berreskuratu nahi da, erromatarren Iter XXXIV Asturica-Burdigala ibilbidearen benetako nondik norakoari jarraiki. Galizako izarren zelai hartan artzain batek aurkitutako sarkofago erromatarra Jesusen jarraitzailearena zela otu zitzaien bertako agintariei aspaldi. Erromesak Europako azken muturrera erakartzeko bidea, europarrei barkamena eskaini zieten, eta haiek erosi.

Antso Nagusiak bidea hegoalderantz mugitu zuen XI. mendeko Nafarroan. Lizarrako hiria sustatu eta bideak ekarritako frankoek erreinuaren erdialdea aberasteko asmotan egindako operazioa izan zen hura. Bidearen muga baino, hark zekarren aberastasuna zen garrantzitsuena. Hargin, merkatari eta erromesak bidea sendotzeko prest. Aymeric ezagunak han aurkitu zitekenaren gida turistikoa ere idatzi zigun.

    Orain ere bidearen helmugak baino, bideak berak du garrantzia. Antso Nagusiaren antzera, bidearen arrakasta eta diru zein turista emariaren alde egiten dute agintariek. Itsasperri eta Aitzagatik behin igaro bazen, zergatik ez berriro ere bidearen emaria bere horretara itzuli? Beste bideekin lehiatzea ordea zaila izango zaio galtzada erromatarra azpian daraman bide zahar-berri honi. Galdutako erromesak Zamartzen agertzen hasiko dira sarri, oskolak zintzilik, motxila astunak bizkarrean dituztela. Kostako, Goiherriko, Lizarrako edo gure bailarako bidetik badatoz ere, beti hartu beharko dute ostatu mendebalderako bidean sosak banatuz.