Piromanoak

Sua pizteko gutxi behar da. Hala dio piromanoak. Abarrak, papera eta pizgarri bat. Suaren edertasunaz sinisturik, hari so liluraturik. Txinparta txikienetik, txikitik handira, abarretan gora kiribilduta, oxigenoarekin jolasean su garrak bere gorena hartzen duenean du gustukoen. Piromanoak ez du kontutan hartzen bere ekintzen oihartzuna. Haien ondorioak ikusirik, su haren edertasun paregabeaz justifikatzen ditu. Ez dio axola txinparta batek alde egin eta ingurua kiskaldu izana. Momentu gailen hark, bere buruan merezi izan zuelako. Ez du bere bizkarra egindakoarekin mindutako haien sufrimenduaz zamatuko. Ahatik, paper, abar, larre, soro eta basoaren suntsipenak haien patutzat hartzen ditu. Merezitako ondorio soiltzat.
 
Suaren festaren ataria da gaurkoa, eguzkiaren goreneko momentua, urteko mugarri sendoa. Sua auzo eta karriketan, sua herritarren bihotzetan. Horrenbeste su eta erregaik txinpartak ateratzeko erraztasuna izan ohi dute. Ingurukoek pairatu beharreko suteak sor ditzake auzotarren artean. Sua pizteko hitz bat nahikoa. Sua pizteko ekintza soil bat. Harrotasun zentzugabeak eragindako gehiegikeriak, ezintasun eta beldurren ispilu. Piromanoen antzera, eragindako kalteen ardurari ihesi, gure ekintzen ondorioak patuari dagozkiola sinistera iritsi gaitezke. Errespetuz jokatzea aldamenekoaren lekuan jartzea da, festak guztiek goza ditzagun, piromanoetatik salbu, inork kiskalita amaitu gabe.