Udako garaia bete-betean. Opor eta lasaitasun egun batzuk izateko aukera. Herriko festetan murgildu eta atera beharrekoak atera baldin baditugu, iritsi zaigu gogoetarako garaia. Garai batean irakasleek udan hobetu beharreko zenbait aspektu seinalatzen zizkiguten, esaterako matematikak, ingelesa edo kimika. Nik badut udan lantzeko gogokoen dudan gai bat. Bat-batekotasunaren eta informazioaren gure gizarte postmoderno honetan beharrezkotzat ikusten dut izpiritu kritikoa lantzeko parada hartzea.
Atzera begiratzean iragana ikuspuntu desberdinek sortutako irudi artifiziala dela ohartzen gara. Benetakoa eta faltsua desberdintzea zaila egiten zaigu bizi ez ditugun errealitateei buruz hitz egiten digutenean. Entzun nahi duguna entzuteak lasaitasuna ematen digu, egia gordinak inoiz emanen ez ligukeena. Horregatik, ezinbesteko egiten zaigu iradokitzen zaigunari kritika egiteko gaitasuna izatea. Esaten diguten hura, alegia, ezin dugula geure buruari galde egin gabe sinistu.
Horregatik bidaiatu eta irakurri ohi dugun urte sasoi honetan paregabeko aukera dugu errealitate desberdinak bizi eta sentitzeko. Konparaketa soilak gure burmuinari erakusten dio, gauzek ez dutela beti esaten diguten modukoak izan behar, eta esaten diguten haren intentzioez ohartarazten digu manipulazioen aurrean. Ezagutu eta alderatu, ikusi eta ikasi. Gezurretan ari zaiguna harrapatzeko tresnarik bikainena dugu hau, uda sasoian ongarritu beharrekoa, geroago astirik ez baitugu izanen. Ongi pasa oporretan!