Herri batek bere nortasuna galtzen badu ez da herria, jende multzoa da. Herri izatetik ekonomiaren atal izatera igarotzen da. Tresna soil, automata andana. Denak berdin, inor ezberdin. Ekonomiak dakarkion hura onartzera derrigortua, eskaintza eta eskariaren morroi. Aberastasun iturriei men egitera behartua, nortasuna saltzerarte, kapitalaren esanetara.
Adibide ugari ditugu mediterraniar urek bustitako herrietan. Iparreko europarren zerbitzu bihurturik, haien garbitzaile, zerbitzari eta zaindari izatera beharturik. Herriak zituen ondasunak saldurik, arima galdurik. Lurralde ederretan kokatuak egotearen ordaina, nor bere lurrean maizter, Benitok bardoaren baladan zioen bezala. Atzerriko hizkuntzek kaleak estalirik, bertakoa kontsumoko folklore oroigarri bilakaturik.
Gurea ere lur ederrean finkatutako herria dugu. Mendeetako inbasio eta akulturazio prozesuetatik ikasten joan den herria. Nagusi izan ditugunetatik ikasi dugu, nortasuna galdu gabe. Gure berezitasunak orain eder deritzo atzerritarren begietan. Edertasun hori erakusgarri dugu globalizazioaren ikusleihoan. Salgai jarriak ditugu eta ez dira erosleak falta. Donostiako parke tematiko gastronomikoari esanen nioke hemendik: untsa goberna hadi, Bordaxuritarrak zioen moduan, besteen zerbitzari izaten buka ez dezan hiri eder horrek. Etorkizunean gure burua ez dezagun arrotz sentitu geure lurrean.