Ilusioak

kolaboratzaileak

Udazken koloreak gorrixkak dira. Eskala kromatikoan berotasuna adierazten dutela esango genuke. Ihes doakigun berotasunaren oroiminez gure paisaiak margotuz, epeltasunari hotsegin nahian zuhaitzek beren agurra egiten diote udako goxotasunari. Hotzaren eta ipar haizearen derrigortasunaren aurka, hostoen bizirauteko ilusioa.
Hostoen antzera gu ere ilusioen atzetik abiatzen gara sarri.  Amets baten bila, hark inspiraturiko helburuak ezartzen dizkiogu gure buruari.  Zoriontasuna ekarriko digun amets hura lortzeak baino, ezarritako helburuen lorpenak ematen digu ordea bizi poza. Nork bere amets haien atzetik eraikitako eskilaran urratsez urrats aurrera egiteak.  Benetako ilusio inspiratzailetik hurbilago, haren berotasunetik gertuago sentitzen gara lorpenak eskuratu ahala. Bidea egiteak dakar zoriona, ez bidearen amaierak.
Batzutan ordea, bidearen amaierara iristen gara konturatzerako. Amestutako ilusio urrun hura bertan daukagu eskura. Gure sen aseezinak ordea, bide gehiago eskatzen digu, helburu eta lorpen gehiago. Amets hartara iristeak beldurra sortzen du. Izatez lortu ezina baitzen, gure arrazoia blokeatuta sentitzen da halako errealitatea muturren aurrean ikustean. Benetako bihurtu delako ustezko amets zena, hark aldaketa suposatzen duelako eta aldaketak beldurra eragiten digulako. Eskilara amaitzean amildegia. Lortzen errazegiak izanen ote ziren ba gure ilusioak? Amesten jarraitu behar!