San Saastin bezpera. Lakuntzarrendako egun handia. Aldabako herri desagertuan, Aralarren magalean, bere kideek geziz hildako erromatar legionari kristauaren martirioa ospatzeko baino, urte berriaren zikloa ospatzeko burrunbaren jaia. Antzinako herri hartara, Arruazuko muga pasata, azken biztanle zaharraren laguntzan joandako lakuntzarren sari dira hango lurrak. Izurrite batek biztanle guztiak akabatu omen zituen, andre zahar bat izan ezik, hari laguntza eman eta izenaz gain, lakuntzarrek Aldabako lurrak ere jaso zituzten saritzat.
Aldameneko herrien artean ordea ez da izan beti laguntza eskaintza. Arbizuarrekin izandako borrokak mitikotzat har ditzakegu. Gure aitonek igandetan mezatik atera eta besterik gabe lakuntzarrekin harrika hasten omen ziren Muganeako dermioan. Behin Lakuntzako plazaraino iritsi ziren haur arbizuarrak kontraofentsiba taktikoan. Kontrakorik guri ez ziguten aipatu behintzat. Batzuen ustez, duela ehun urte arbizuar batzuk neskak kortejatzera joan omen ziren hara, eta egurtuta itzuli. Besteen ustez San Donatoko uren gaineko jabetzan dago gakoa. Guztiak ere aspaldiko kontuak.
Gaur egun, haur arbizuarrak lakuntzarrekin jauzika ibili ohi dira Arakileko uretan, Lakuntzako presan elkarrekin. Lagun Artea futbol taldean ere ugari dira aldameneko herriko haurrak. Kontu zaharrez zaharrek arduratu beharko dute, belaunaldi berriek apurtua baitute antzinako gatazken zentzua. Ongi pasa San Saastiñetan!