Hesiak

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Reparaz Extramiana 2018ko mar. 29a, 08:11

kolaboratzaileak

Hesiak mugatzen du. Hesia itxitura da, espazioaren ebakuntza artifiziala. Nork berea besteengandik babesteko eraikitako oztopoa. Hesia egitura pasiboa izaki, hark ere badaki min egiten. Ebakortz edo letaginak atera ohi ditu burdinezko punta zorrotz moduan, haiek  dastatuaraziz igaro nahi duenaren larru eta haragiari.  Beste horiek nor diren ez dio axola hesiari, bere funtzioa argia da eta ez dio erraz jarriko igaro nahi duenari.  Zenbat hesi gure inguruan, bata bestearengandik urrun mantendu nahian beren betekizun ankerra betetzen.
Natura maite dugunok txikitatik aurkitu ditugu hesiak zelaietan. Batzuetan hesia jarraituz gero, hesilariak eraikitako eskilara aurki dezakegu ustekabean. Kontraesana dirudi, banatzeko sortutako egiturak, aldi berean igarotzeko erraztasunak ematen dituen zatitxoa izatea. Badirudi, pasatzeko aukera eman nahi izan diola norbaiti, hesiak salbuespenari ez diola uko egin nahi izan.
Arazo gatazkatsuenekin ere, antzekotasunak ditu burdin kiribilduko hesi arantzatsuak. Haien konponbideak ezinezko dirudite, kilometro luzeetako segidan, ezinezkoa dirudi hura gainditu nahi duenaren arrakasta. Baina hesigileak berak eraiki zuen hartan, eskilara ere jarri zuen nonbait.  Zirrikitu horien bila abiatu diren guztien itxaropenean, hesigile zantarrenak ere eskilara bat sortu zuela dute buruan. Kilometro luzeko joan etorrian, oztopo hori  zeharkatzeko aukera emango dien pasabidea aurkitzea dute helburu. Hesigile guztien borondatearen aurka bada ere, igaroko dira arantzen artetik.