Kontsumoaren ondorioak

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Reparaz Extramiana 2018ko mai. 11a, 08:11

kolaboratzaileak

Biharko egunean, maiatzak 12, nazioarteko bidezko merkataritzaren eguna ospatuko da. Arreta pixka bat jartzea baino ez da behar kapitalismo kontsumistaren arrastoa sumatzeko komunikabideen oihanean.  Publizitateak saltzen dizkigun iragarkien kutsu materialistan begia jarri eta sistema osoak duen xedea ikustea baino ez dugu. Gu mendebaldarrok, eros ahalmendunok, euroaren eta dolarraren jabeok, geure burua aberats sentitu eta daukaguna nahiz ez daukaguna xahutuz gure ezinegon kronikoa kontsumituz pairatzea dugu helburu.

Aberats sentiarazi, gure eskura produktu merkeak ezarriz. Haien kalitatearen garrantziaz ahazturik, prezio merkearekin liluraturik.  Arropa, denda multinazionaletan, inoiz baino merkeago eta aldi berean inoiz baino garestiago. Garesti arropa hura sortzen duen esklabuarentzat, garesti kotoi zelaietan pestizidaz kutsatzen direnentzat, garesti hura tindatzean kutsatutako ibaientzat.

2015ean The True Cost dokumentala burutu zen guzti hau salatzeko. Fast fashion delakoaren prezio merkeen inposaketak, Bangladesh, India edo Kanbodia bezalako herrialdeetan sortzen dituen lan baldintza bidegabeak, eta osasun edo ingurumen kalteak salatzen ditu. Bost urte igaro dira Rana Plaza eraikina erori eta bere barruan 1000 langiletik gora irentsi zituenetik Bangladesheko hiriburuan. Ekoizpen kostuen murrizketa, langileen bizi baldintzen, segurtasunaren eta osasunaren kaltetan egiten dira. Prezioaren atzean dagoenari buruz galdegin dezagun, guztion ardura baitira gure kontsumoaren ondorioak.