Pagoen itzalpean

kolaboratzaileak

Basoaren barrenean, maldan gora, ipar haizearen maitale dugu pagoa. Sakontasun hezearen irudi, orbel azpiko lur beltzean ditu sustraiak tenkaturik. Ekaitz eta tximistei eutsiz, bere larruazal argiak gorderik ditu urteen aztarnak. Beso luzeen antzera, bere azpiko harkaitzak itzalez estaltzen ditu. Handitasun patxadatsuan, hosto berdeen dantzaz gozatzen du neguak haiek eraman eta lozorroan uzten duen arte. Udaberrian esnatzean bere mantuaz estaliko ditu berriz ere mendiak, haren azpian dabiltzanei itzala inposatuz.
Zaharra da pagoa. Hark gogoan ez badu ere, gazte izan zen behin. Pago handien menpe, eguzkiaren izpiei uko egin behar izan zien maiz. Zaharraren itzalpean, berriak aukerak eskas. Itxaropenen hondoan, burrunba izugarri batek ekarri zion aukera. Aizkorakada zorrotzek itzala ematen zien hura lur jotzera behartu zuten. Eroritako erraldoi haren gorputza txikitzen zuten bitartean, eguzki izpiek bidea aurkitu zuten, bizitzeko irrikaz, zain zituen zuhaixketara. Orduan lehia. Zuhaitz ñimiño haiek nork zein itzalaz estali, nork azkarrago burua altxa besteen gainetik. Saria, basoko lur zati hartan beren itzala besteei inposatzeko aukera.
Pago zaharrak irabazi zuen anaiarteko biziraupen lehia hura. Hark tenkatu zituen sustraiak sakonen, eta hostoak altxatu gorenen. Urteak igaro dira harrezkero. Urte luzez izan da bere lur zatiaren jaun eta jabe. Orain ahots finak entzuten ditu bere oinetan eguzki eske. Gogoan du bera han izan zenekoa eta aizkorari beldur dio. Goiz batean, isiltasuna basoan, gasolina usaina airean, motozerren kate hortzak zorrotz, hauen garrasiak burrunba ondorio. Lurretik azken hatsak, han begien bistan semeak, gora eta gora bizitzaren gurpilean biraka, etorkizun gose.