Euskias kopon! Sarritan entzundako esaldia Sakanako erdialde honetan. Umeak erderaz entzutean helduek oihu egiten zieten garaikoa. Gaur egun nahi baino gehiagotan entzuten dugu gaztelaniaz gure kaleetan. Nola hazi eta hezi, duda izpirik ez dugu. Gurasoek markatutako bidean inor gutxi sartuko da haurra zuzentzen. Guraso eta haurren askatasunean haien ondorengoen jarrera eta etika bideratzen guztiak zentzudun eta jakitun, mila teoria eta iritziren jabe, etorkizunerako prestaketan esku hartzerik ez da onartzen.
Zaborra lurrera botatzen duen haurrari inork ezer esateko ausardia bera ere galdu dugulakoan nago. Euskara ikastetxeetara mugatzen den eremuek inguratzen gaituzte. Inoiz baino baliabide gehiago ditugu euskararen babeserako. Hezkuntza, administrazio, hedabide edota gobernuek beraiek ere ahalegin ekonomiko handiak egiten dituzte hura babesteko. Baina guk geuk babesten ez badugu, ez dago zer eginik.
Gure begiek ikusi zuten jendarte tradizionalean, nork zer pentsa, esan edo asma zezakeenak beldurra eragiten zuen. Gizarte itxien adibide ginen sarri, iritzi edo aukera ez ohikoek ondorio sozial gupidagabeak zituenekoa. Haiek mantentzen zuten nor bere postuan. Baina zorionez amaitu zen eredu hark, bere ezaugarri kultural eta identitario guztiekin gordetzen zuen kolektiboa. Gaur egun, norbanakoak du bere esku azken erabakia. Nork bere seme-alabekin zein hizkuntzatan hitz egin behar duen, haiei zein balio eta lehentasun irakatsiko dizkien erabaki beharra du. Esku hartzerik ez dugu onartuko, baina arduraz eta garaiz jokatuko ote dugu?