Aukerak

kolaboratzaileak

Aukerak anitz gaur. Ezin erabaki horrenbesteren artean, bata aukeratuz gero, bestea galduko baitugu. Aukera kostua esaten diote ekonomialariek, erabakien aurrean sortzen zaigun egonezina eragiten digun horri. Hura badaramat, bestea ezin. Batzuetan biak eramanez, beldur horri aurre egin gabe, erabakien ardurari ihes egiten diogu. Jendartean zabaltzen diren mezuek aukerak areagotzen dizkigute etengabe. Aukera kostua onartezin bihurtzen dute sarri. Nola galdu esperientzia hori, nola kale egin eskaintza bikain horri, edo nola baztertu eduki dezakezun arren, ez duzun hori.

Adibide asko datozkit burura, ezin buruturik atzean utzitako aukeren mamuak bazter guztietan ageri zaizkit. Damua. Zaila da bide hura jarraitzea guk erabaki genuela onartzea. Baina haren ondorio baino ez gara. Geure aukeren ondorio huts. Bidean utzitako bidegurutzeen  emaitza bizitzaren labierintoan.

Europako iparraldeko herrialdeetan, diotenez, damuaren mamua ahuldu egiten da. Europaren hegoaldeko moral katolikoak damuaren beharraz bete zigun jendartearen subkonszientea. Damuan barkamena aurkitzen dela esan ziguten. Baina ipartar moral protestantean, damurako ez da lekurik. Haien erabaki eta aukeren esklabou, hauek onartu eta azken ondorioetara eramatea baino ez dute ikusten. Hotzagoak izaki, klimaren eragina euren kontzientzietan. Aukerak anitz, erabakiak aske, haien ondorioak kontzientzian astun. Bidea eginez jakitun, ez gaitezen mamuen beldur izan, haien menpe ezin baikara izan libre. Aukeran, ez ibili atzera begira.