Keltiar sustraiak borbor egin didate, High Kingsen Rocky Road to Dublin entzutean. Txirularen zorabioak, bodhramaren perkusio indartsuan zehar eraman nau hegan mendi gorenetara. Udazkenaren argiak zeharka jotzen ditu harkaitz hezeak. Azaroaren amaierarako lurrean dira hosto gehienak, goroldio hotza eta lokatz lika, hodei potoloen artean datorren argi izpi zorrotzak ihintzaren dir-dir ederra dakar behe lainoan.
Gogoetan, inguruan ikusten den naturaren lozorroaz kutsatu naiz. Galdu dituzte hostoak haritzek, hauen galerak aukera berriak ireki dizkio basoari. Aukera berriak, galera gabe imajina ezinak zirenak. Irlandar kantuen atzean ezkutatzen den udazken inspirazioa ikusten dut orain. Arazo guztien gainetik, azaro ilun guztiak garaitzeko indarra lur jotako entzuleei.
Askotan esan ohi dugu, pareta baten kontra jo beharra dugula gure akatsez ohartzeko. Hartuko dik ostia. Hortik jaiki eta hartutakoaz ikasi beharra. Zentzua aurkitu eta gure jokaera hobetzeko bide bakarra da. Historiak erakusten digu, patuaren eszeptikoei, okerren atzean aukerak daudela. Udazkenen ostean udaberriak datozela. Borrokari ekin baino ez dugula, alemaniar bizardun ezagun batek zioen bezala, ez ditugu gure kateak baino galduko.
Pilotari saiatuen emaitzetan, euskararen aldeko ekintza berrietan, justiziaren akats larrietan, gizartearen kontsumismo zekenean, ordezkari politiko lotsagarrietan, matxismorik ankerrenean, heriotza bidegabeetan, familia bakoitzean. Hor ditugu aukerak gure burua borrokarako berrabiarazi eta ikasten biziz, bizitzen ikasteko.