Lurretik zerura. Hazitik zuhaitz. Denboraren zaindari dira gure arbasoek landatutako enbor biziak. Gernikatik Altsasura, haritz edo intxaurrondo, sakratu izatera iritsi dira. Gure bizitza laburraren gogoangarri, haien beso eta zuztarren zabalerak, ehunka uda eta neguren orbain eta arrastoren lekuko dira. Itzal fresko, bizi babes. Urteen igaroan, hor daude plaza eta parkeetan, bide bazter eta ibai kontretan. Gure paisaiaren parte, gure memoria eta orientazioaren zutarri.
Baina berriak lekua eskatzen duenean, modak eta estiloak arkitektura aldaketak eskatzen dituenean, soberan daude haren adar, hosto eta itzalak. Urbanismo berritzaileen, arrasto zuzen eta eraikuntza poligonalen traba bihurtzen dira. Obren biktima, denbora zaharren ordezkari atzerakoi, agintarien ekarpen berritzaileen ordain. Berria hobea dela sinisturik, zaharra baloratzea ez da gurea. Harrizko labadore txukunak izanik, makina ikuzgailuengatik aldatzean, haiek eraistea erabaki genuen behin.
Arbizuko plazako zuhaitzak desagertu dira. 73 urteko platanero zaharrak. Bizitza osoa ezagutu ditugun herrikide ixilak. Zabal dago kale nagusia, beste herri bat dirudi. Udako eguzkiaren itzal zirenak desagerturik, haien ordezkoak azkar haziko diren esperantza du herriak. Pena sentitu genuen urtarrilaren 17an, makinek zatitu eta lurra jo arte zartatutako haien amaiera ikustean. Berriak azkar haziko ahal dira. Gogoeta bera herri osoan: nola botatzen den faltan, beti aurrean izan arren, inoiz baloratu ez duguna.