Zaborrak beti zabor

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Reparaz Extramiana 2019ko mar. 1a, 08:10

Azkenaldian susmoak baditut, ez ote garen ohitzen ari plastiko eta zaborrak non-nahi ikustera. Gogoan dut garai bat, non errepide bazterrean izozkailu edo telebistak euripean herdoiltzen zirenekoa. Mendian kristalezko botilak, latak eta bestelako zerrikeriak aurkitzeko aukera genuena. Garai hura gainditutzat eman genuela pentsatzen nuen, ez zela itzuliko. Inork ez zuela bide bazterrean botako garbigune batera eramateko etxe parera bila etortzen zaizkizunean, bere aspiradora zaharra. Baina hara nola, gure garaiak batzuetan aurrera eta besteetan atzera nola egiten duten.

Zabor poltsa erdi irekiak bide bazter eta zubi azpitan, etxe tresna zaharrak bidegurutzetan, plastiko zikinak airean, edozein zuhaitz, sasi edo belarretan. Are latzagoa, garagardo latak han hemenka, hanburgesen edukiontzi kirasdunen ondoan botata. Gusanitoak jaten zituen ume hark, lurrera botatzen zuen poltsa hura beharrean, orain latak botatzen ditu nonbait. Hezkuntzak huts egin ote digu bada? Modaz pasa ote dira ingurua zaintzeko ohiturak, garbitasun eta txukuntasuna?

Kontzientzia arazorik gabeko biztanleak, oraina bizi eta gozatzeko jaiotako aldemenak. Nork zer egin daitekeen esan ezin digun mundu kaotikoa sortu dugu. Eskubideak betebeharrik gabe gure direla pentsatzea ohitu gara. Erantzukizunik gabeko jendarte indibidualista eta ukiezina. Bat-batekotasunaren tirania, nork berea kontsumitu eta hor konpon. Erosteari utzi gabe, besteen beharrizanei entzungor. Zaborrak beti zabor.