Ahots

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Reparaz Extramiana 2019ko api. 5a, 08:25

Ahots bat bada, denboraren oihartzun ilunetatik bueltan. Ahots bat, kimu berri kolorez estali nahian ideia atzerakoienak. Sistemarekin haserre direnak erakarri nahi dituena, arrazoi bila dabilenari aitzakiak ematen dizkiona. Inposaketaren mailuaz askeak zapaldu nahi dituena. Zalantzan dagoenari bere konponbide sinpleak eskaintzen dizkiona. Armen salmenta askeaz, mendeku bila dabiltzanei tresnak eman nahi dizkiena. Nostalgikoengan kuarteletako amets zaharrak berpizten dituena. Gatazkak indarrez konpontzea posible dela uste duena. Injustiziak injustiziaz ordainarazi nahi dituena. Begia begi trukean sinisten duena.

Kimu honen hazia han egon da luzaro. Lurpean itxoin du denbora luzez. Behar dituen ur eta argia jaso duen arte zain egon da. Berrogei urtez zain, diktaduren zauriak ahaztu arte, ubeldurak eta zentsura ahaztu arte. Sare sozialen indarrak kontzientziak bahitu dituen arte. Betiko akatsetan erortzea zilegi dela erabaki duten arte. Entzun nahi dutena entzunarazi dieten arte. Ezkututik begira, otso beltzak bere ahoan sartzea eskaini die belardiko haizeaz kexu diren ardi doakabeei. Otso beltzak badirenik ere ahantzi duten arte.

Kolore desberdinak udaberri honetan, kolore desberdinak talde guztietan. Bozkak lortu nahian nork bere partida irabazi nahian. Jokoz kanpo jokatzen ari direnak ez al dira iritsiko golik sartzera. Jokoz kanpo geldituko al dira jokoa suntsitu nahi dutenak.