Azken asteetan frantziarrek askatutako hartz emea dabil ardi bazkan Pirinioetako mugan. Gaur dira elkartzeko espainiar eta frantziar ingurugiro arduradunak, basabizitza haragijalearen sustapenean elkar koordinatzeko asmoz. Irtenbidea geolokalizatzaileak omen, ardiei eta hartzei, non dauden eta elkar hurbiltzen ote diren jakiteko. Basozainak plantigradoak garaiz uxa ditzaten.
Basabizitza, hitzak dioen moduan ordea, basatia da. Milaka urte dira artzaiek hartz, otso eta katamotzen erasoetatik abelburuak babesteko nahikoa trebezia lantzeko beta izan zutela. Artzanor, makil, zintzarri eta sua. Suzko armen poderioz, bizikidetza hura desorekatu eta basoko jaun haiek, toponimian baino ez ziren geratu gure inguruetan. Artzanorrak ere desagertu ziren, baita artzai txabola eta harrizko hesiak ere. Harri piloa dira elorrien itzalpean. Gauean otsoen uluak entzutearen garaiak akabo. Milaka abelburu arrisku eta zaindari gabe aske lehoirik gabeko sabanan. Mendeetako oreka hura mantentzeko sortutako abilezia guztiak galdu ditugunean, nork zaindu orain artaldeak mendian?
Geolokalizatzaileak lepoan edo smartphone bat sakelean. Teknologiaren menpeko. Iragan aske eta basati baten oroimena miresten dugu. Baina aldi berean, ekoizpena, enplegua, segurtasuna eta lasaitasuna nahi ditugu gure landa eremu menditsuetan. Beldur naiz, basapizti hauek dokumental edo animalia parkeetan baino ez ditugun ikusiko. Pagadiko iluntasunean begirada zorrotz eta letagin lerdetsuen artetik datorren arnas jario hori sentitzeko prest ez baitut ikusten gure burua.