Zibilizazioaren amaiera aurreikusi zuten aurrekoan 2050 urterako. Australiako Spratt eta Dunlop ikerlarien esanetan, aldaketa klimatikoak eragindako lehorteek uraren eskasia eta migrazio masiboak ekarriko dituzte. Lehengaien kontrolak eta mugimendu demografikoek eragindako gerrek, bertan behera utziko omen dute giza zibilizazioa. Gerra nuklearraren ondorio erradioaktiboak eta planetako eguratsaren kutsadurak, osasuna mantentzeko iragazki eta babes jantziz margotu digute etorkizun hurbila.
Berriak izan duen oihartzuna handia izan da sare sozialetan, ikerlarien eta hauen erakunde pribatuaren sinesgarritasuna eskasa bada ere. Gustuko ditu gure gizarte aldrebes honek mundu post-apokaliptikoak. Telesail eta bideojoko ugarik eskaintzen dute munduaren amaierak sortutako errealitate alternatiboa aspertutako hiritarrari. Zonbiekin edo haiek gabe, Mad Max film hartatik, dena pikutara joaten denean zer gertatuko denaren jakin mina piztu digute.
Munduaren amaierak, gizartearen suntsitzeak, lege, arau eta mugen apurtzeak, askatasun ufada bat dira egunerokotasunak irentsitako adimenetan. Kontsumismoaren eta sare sozialen tiraniak bazterturik, nortasun berri bat eta helburu sinple bat nagusitzen da, biziraupena. Baina mundu post-apokaliptiko horrek pantailatik jauzi egin eta gure egunerokotasunean berandu baino lehenago agertzeak beldurtzen gaitu. Ez dugu uste, izendatu berri duten Antropozeno deitutako aro geologiko berri honetan, ironikoki, bere izenaz bataiatu duen gizaki arro horren azkena izan daitekeenik. Badaezpada ere, hil arte bizi.