Garila amaitzear, abuztuko oporren promesa ate joka dugu. Atzerria bisitatu eta han ikusi beharrekoak ikusi, disfrutatu eta oroitzapen ahaztezin batekin itzultzea dugu helburu. Bidaia agentzien lana egiten ere ikasi dugu, sarean nabigatuz. Sarritan beste batzuek utzitako iruzkinak irakurriz, etxetik aurreiritziz beterik ateratzeko arriskua badugu ere.
Baina, etxetik atera orduko, egonezin batek zeharkatzen du gure bizkar muina: dena ongi eta zuzen aterako ote den galdetzen diogu gure buruari; erreserbatutako hura gure aurreikuspenen mailan egongo ote den; hegazkin edo bestelako garraiobideen konbinazio estuak beteko ote diren, baita aireportuetako grebaren batek harrapatuta utziko ote gaituen ere, nork daki nongo itxarongela triste batean. Abentura espiritua adinak jaten omen.
Opor egunak amaitzean, Ulisesen odisearen antzera Troiako guda iragan izan balitz bezalatsu, itzul bidaiak hartzen du gure arreta osoa. Jainko greziarren batek bidea nahastu ez arren, atzean ezer utzi gabe, etxera iristeko desafioa gure energia guztien helburu bihurtzen da. Egiten dugun pauso bakoitzak gero eta gehiago gerturatzen gaitu gure helmugara. Orduan burura datorkigu gure ipar haize goxoaren freskotasuna, pagoen itzalpe lasaia, gure hizkuntzaren musika ederra, gure jatetxeetako menu eskaintza garaiezina eta herriko egunerokotasuna. Azkenean joan eta etorriko bidaia, gurea faltan nabaritzeko tarte nahiko izan badugu behintzat, maite dugun hau berreskuratzeko gogoa berpiztuta bueltan. Ongi pasa oporrak!