Sagar denboran gaude. Ugari dira sagarrondoak gure aitonenak izandako baratzetan, soroen ezponda eta malda antzuetan. Denboran zehar gure artera iritsitako dozenaka mota desberdinek osatutako bilduma aparta aterako litzake haien zenbatze hutsaz. Motelak, gaziak, gozoak eta minak. Denak aldi berean eta tropelka heldu ohi dira, etxeetako biltegiratze eta sukaldeko kudeaketa mugara eraman dezakete maiz. Harren gutizia diren fruitu emankor hauei bizitza laburra opa zaie, haiekin zerbait egin ezean, bere sagarrondotik urrun.
Sagarren pare, tropelka eta denak batera, haiekin probetxuzko zerbait egiteko denbora eskasekin eta usteltzeko erraztasunaz iritsi ohi dira gure artera dokumentatu gabeko gazte atzerritar ugari. Sagarminen antzera, inoren gustuko ez dira inon. Haiekin etekina atera nahi duenaren harrapakin erraz bilakatzen dira, basoko sagar basatiaren fruituekin egiten diren pattarren antzera, haiek ere useletan jarriko dituzte probesgarri den oro eman dezaten.
Hezkuntzan omen erantzuna. Hezkuntzan haiek salbatzeko etorkizuna. Bizitzan zerbait egiteko aukera eman nahi izaten zaie. Lanbide bat erakutsi, hizkuntza, gizarteratze minimo bat… baina esan bezala denbora gutxi izan ohi dute. Harrarekin sagarrondotik zetorren fruituak laster du usteltzeko bidea. Bidean kolpatutako sagarrek, erraz amorruaren ubeldurak fruitua zimurtzeko aukera. Inongo gaitzik gabe datorren sagarrak ere, ustelekin jartzen badugu, aukera gutxi du hala mantentzeko. Sagar denboran, sagarrak lan.