Lurra oinen azpian dugula, gure ekintzak bizitzaren epe laburrean aurrera eramaten saiatzen gara. Lurra oinen azpian eta zerupean burua, gure espazioan moldatzen, aurrekoengandik jasotakoaren arabera bizitzen saiatuz eta hura garai berrietara moldatuz. Usadio eta ohiturek baldintzatzen gaituzte, gure moldatzeko gaitasunaren menpean. Haietako batzuk desagerraraziz eta beste batzuk birmoldatuz irauten du kolektiboaren nortasun itxurak.
Bada Errusia hegoaldeko zelai mugaezinetan kosakoen herria deritzona. Asia erdialdetik mertzenario lanetara etorriak Errusiako tsarraren esanetara. Han geratu eta herri bat osatu zuten. “Gizon askeak” esan nahi omen du kusak hitzak. Askeak, lautadetan zaldi gainean zihoazela, ortzimugatik zetorren haizea masailetan sentitu eta inoren menpeko ez zirelako ilusioa sortzen zien. Gaur egun kosakoak, haien kultura mantendu nahian, zaila dute sobietar estalinismoak ezarri zien zigor eta sakabanaketak utzitako orbainak sendatzen. Baina haien ezaugarri ziren zaldi eta estepak hesiz mugatuak izaki, haien folkloreko ezpata dantzara jo dute ezaugarri komun horiek berpizteko.
Kosakoen ezpata dantzak, haien lur eta zeru arteko bizitzaren epea betetzeko ematen omen die. Haien nortasuna eta historia ulertzeko gaitasuna, beren zeregina munduan zein den erakusten ei die. Zorigaiztoko bizitza krudelenean, ezpata dantza harekin beren sustraiak ase eta ziurtasun ukaezin bat ematen die: izan ginen, gara eta izango gara. Kosakoen gauzak, guretzat haiek vodka edantzale amorratuak baino ez dira. Zer ote gara gu haientzat?