Adventus

Adventus, gazteleraz adviento. Eliza katolikoaren egutegian bostgarren mendetik bederen aipatzen den hitz latindarra, gure arbasoek erromatarren decembris hilabeteari izena emateko aukeratu zutena. Elizaren boterea handia zen nonbait baskoien artean. Abendua, adventus, datorrenaren zain egotea esan nahi omen du. Kasu honetan eguberrien zain egoteko denbora. Antzinako erromatar haiek, barbaroekin borrokan ezin gailendurik, behar bezalako ospakizuna egiteko denboran aurreratu eta giroa berotzen joan behar zela pentsatu zuten. Honela, San Martin egunetik, azaroaren 11, sei asteko baraualdi bat egitea proposatu zuten agintari erlijiosoek. Azkenik, gehiegitxo iruditu antza, eta lau astetan utzi zuten. Baraualdia amaitzean tripa festa bikaina prestatzen zuten, afari, bazkari, opari edo behar zenarekin.

Gaur egun, gabon girotze prozesuak gutxi dauka baraualditik. San Martin eguna baino askoz lehenago, Halloween amerikarraren ostean azaroaren ateetan. Hau gutxi balitz, badaezpada ere norbaitek gutxi kontsumitu eta enpresei balantze negatibo bat ez eragiteko, Black Friday, Cyber Monday eta bestelako aukera, beherapen eta gainontzeko marketing trikimailuak agertu dira onttoak bailiran. Banatzaileen eromena eta motorrezko ibilgailuen joan etorrien ke pozointsuan murgiltzen gaitu sarri horrenbeste ekintza xahutzailek. Izan ere, erlijiotik gutxi izan du hasieratik neguko solstizioaren ospatzeak. Eguzkiaren eguneroko biran, Ergoienako txokoak Andiaren itzal itsaskorretik libratu eta Sakana erditik igarotzeraino bueltan datorren eguzki izpi epelen ospakizun izan zen hasiera batean. Beti aitzakia bila urte amaieran ospakizunetan eguzki gabeko ordu luzeak arintzeko. Ongi bukatu urtea!