Etxeko leihotik zelaiei begira, ihintza izotz bihurturik, paisaia zurruntasun estatikoan mantentzen da. Negu betean, kalean hatsa lurrin bilakatzen da. Izoztutako gainazal oro, ikutu hutsarekin heze bihurtzen da larruazal epelarekin kontaktuan. Ur putzuak karrask egiten dute oinetakoen zama sumatzean, azpian duten ura azalaraziz.
Izoztutako paisaiaren antzera, etxetik urrun dauden haiek, zurruntasun horretan mantentzen dute beren egoera. Negu luze eta amaigabean, izotza ur bilakatuko duen epeltasun nahikorik gabe. Putzu izoztuko azala kraskatuko duen pausu astunaren zama askatzailerik emango den esperantza gabe. Bere horretan, leihotik begira, paisaiaren zurruntasuna aldaezina eta urtu ezina dela sinesten dutenen zain. Eguzkiak, bere kabuz, malda atzetik atera eta behe lainoa altxatuz, bere epeltasunaz hotza garaitzea lortuko denaren ustetan zain.
Sakabanaketa, izoztutako paisaia, bizi diren garai berriei bizkar emanez mantentzen den egoera da. Itzalpean, zurituta jarraitzen duen eguzki izpirik gabeko eremua. Pausuak mantsoegi ematen diren esparrua. Beldurrak eragindako tristura, oinaze amaigabea. Mendeku anker, senide eta lagunen zigor. Zaurien orbaintzea luzatzen. Baina injustiziak agerian geratzean, izoztutako esparru hark zergatik horrela jarraitzen ote duen bere buruari galde egiten diotenak gero eta gehiago dira. Egoeraren zurruntasunaz jabeturik, arrazoiak kritikoki aztertzen dituzten pertsonak. Epeltasun bila, izotza ur bilakatzea nahi dutenak, eta ur tanta horiek itsaso.