Aurrekoan entzun nuen irratian, Hego Korean ama batek bere zazpi urteko alaba galdu zuela, minbizi baten ondorioz. Telebista kate baten laguntzaz, errealitate birtualeko enpresa bati ordaindu zioten bere alabaren itsura, ahots, portaera eta irribarrea zituen erreplika birtuala sortzeko. Errealitate birtualeko betaurrekoen bitartez, alaba berriz ikusi, entzun eta sentitu ahal izan zuten beren inguruan. Programatutako erantzunak etengabe aldatzeko gaitasuna duen adimen artifizialeko produktua herrialde osoak ikusi ahal izan zuen zuzenean telebistan. Zientziaren posibilitateak izugarriak dira, benetan ikara sortzekoak.
Egin ahal bada egingo da. Ematen du inolako mugarik ez dugula, diru truk, edozer egin dezakegula. Heriotza bera ere, alde batera utzi eta algoritmo eta ekuazioen bitartez sortutako errealitatea onartzeko prest gaudela, hura gure gustokoago baldin bada. Matrix film ezaguna ikusi duen orok pentsatuko du, nola goazen bidean, errealitatetik gutxi duen mundu fiktizio baterantz. Hilezkortasuna eta betiko gaztetasuna saltzen duen sistemak, heriotza bera ukatu eta hura trufatzeko gai dela sinetsirik dago. Errealitate gordina onartzeko zailtasunak zoriontasun amaigabearen munduan.
Balio etiko edo moralak aldendu beharreko zeozer direla sinetsirik, aurrerapena bikaina dela uste dugu. Berritasunak zoriona dakarrela, eta zaharrak berriz asperkeria. Anestesiatutako gizartea sortuz doa poliki. Zer esan, nola egin, zer izan. Tamalez, gailu elektroniko modernoena eta konexio azkarrenaren truke, askatasuna bera ere saltzeko prest ikusten ditut inguruak.