Irribarre urduria elkartasunaz mozorroturik, garizuma betean, berpizkundeko igandearen zain etxean preso gaude guztiok. Wifi sarearen menpeko, telelanean arduraturik. Hirutasun santu berriak hartu du gure bizitza sozialaren kontrol osoa. Whatsapp, Twitter eta Instagram, bakardadetik libra gaitzan, bizi garen artean. Mundu osoa, gailu elektronikoen gatibu. Ume, maistra nahiz maixu, gazte eta irakasle sufritu, pantailei itsatsirik dira gelditu. Ikasi behar ez duenak, Netflix ere badu.
Berri esanguratsuen zain, informazio gose aseezinaren tripazorriak ezin kontrolaturik gabiltza. Azken orduko albisteei so, nork zer aginduko, nola gure adimenaz hura garaituko. Alarma egoerak derrigortuta, etxeetan konfinatuta. Isolamendu fortzatua, korrikalarien infernua. Etxe barruko espazioak funtzio anitzdun gela bilakatuta. Gure barrenean gordetako guzti horren azaleratze prozesu geldiezinean abiatuta. Isilpeko maitaleen espetxean, ezin hegan eginik hegoak ebakita.
Jakien garrantziaz jabetu gara halako batean, haiek gabe nola bizi ez dakigula, haien falta izan daitekeenik ere pentsatzean harrituta. Ospitaletan erizain eta mediku, atsedenik gabe borrokan etengabe. Heriotzaren aurrean tinko, azken arnasa emateko prest. Sinesten ere lanak, telesail amerikar batean murgildu ote garen beldurrez, ametsgaiztotik noiz esnatuko zain gaude. Gezurra dirudi baina egia da. Nork bere burua hobeto ezagutzeko bizitako esperientzia, urruneko bidaietan galdu gabe, etxean bertan. Udaberriak aurrera darrai, gure miserietaz ez du ezer jakin nahi, iritsiko da aterako garen eguna, egon lasai.