Maiatzeko zeru urdinera begira, enara artean marra zuri amaigabeak ageri dira berriro ere, ortzimugaren alde batetik bestera urdin zabal garbian. Aste luzeetan zehar, udaberriko bizi eztandak bere azaletik kanpo mantendu ditu ke zikinen metal astun eta sufre aztarnak. Sakanako autobide zabala hutsik ikustea, inguruko kirkirren kantuak asfalto gainean entzutea, amets apokaliptiko baten barruan egotea bezala izan da. Gizaki gabeko planeta irudi. Naturak bere tokia birkonkistatzen uste baino azkarragoa dela ikusi dugu basaguneko biztanleen bisita ez ohikoek erakutsi diguten bezala. Ekonomiaren geldialdiak, lurrari arnas eman dio, bere birsortze gaitasuna erakusteko beta justua emanez.
Baina bagatoz berriro ere, errotarri erraldoi geldiezinaren martxa berriz harturik. Petrolioaren menpekotasuna duen jendarte arduratu eta presaduna berriz ere martxan da. Propaganda politikoak langileak lanera bidaltzen ditu. Turistak hegazkinetan igotzeko desiotan, nork zer azkarrago irekiko dabiltza agintariak. Lasterketa zoro batean, nor azken fasera lehenago iristean arduratuta, hildakoak ahaztu dituztela dirudi. Azken fasera iristean ordea, zer aurkituko ote dugu? "Egunerokotasun berria" deritzon egoera misteriotsua, nork bere eskubide eta askatasunak estu loturik irribarre estaliko kale gainbegiratuetan. Jairik gabeko udak, musikarik gabeko kontzertu aretoak, poliziak edonor edonon zigortzeko mehatxupean, azken orduko ohar zentzugabearen kontrakorik inork egin ez dezan. Gure aske izateko sena, zentzua eta borondatea ez ote dugu galduko!