Nork lor, besteak ezin duena. Auto, etxe, jantzi, mobil edo opor esklusibo horiek adibidez. Ahal duen horrek baino ezin dituenak bereganatu. Gainontzekoek lortzen duten momentuan, autoz, etxez, jantziz, mobilez edo oporrez aldatzea eskatzen duen esklusibitatea. Besteen gainetik etengabe mantentzeko behar adiktiboa, berdindu nahi dituzten haien zikoizkerian justifikatua.
Oporrak, burgesiaren barne borroken erakusleiho zahar. Norberak nora eta nola joateko aukera duen erakusten duen lehia. Oporrak estatus sozialaren ispilu izan dira azken mendean. Azken urteetan berriz, hegaldi merkeagoen eta azken orduko eskaintza harrigarrien eraginez, ahal duen horri egonezina sortu dio esklusibitate honen galerak. Erdi klaseak urduri jartzen du.
Oraingoan, erakusleiho zahar horretan beste aldagai suspergarri bat agertu da. Osasun segurtasunarena. Helduleku berri bat, ondokoaren gainetik geratzeko. Hegazkin pribatuen alokairuak gora egin du, bidaietan ez kutsatzeko bermea delako. Hondartza jendetsuetan musukoez estalirik, esparru txikietan mugaturik eta ordutegi zein aforoei begira egon beharrean, ahal duenak badu irtenbide aproposik. Belaontzi eta yateen alokairua. Hondartzatik distantzia seguru batera ainguratu eta inoren hats edo eztulik jasan
gabe, musukoak daramatzaten gizagajoei so gelditzen dira olatuen gainean. Esklusibitatea berreskuratu dute, beren euroek ez diete kale egin, besteek ezin duten hura izatearen gaitasuna berreskuratu dute. Nik aukeran, pagoen itzalpean jarraitzea nahiago.