Beldurrak

Aurrekoan, antsietatea gainditzeko errutina sendagai hoberena zela entzun nuen nonbait. Errutina, etorkizun aurreikusi baten segurtasun erlatiboa. Aurreikusten erraza den mundu baten egunerokotasunaren pilula. Hark markatzen ditu gure denbora eta sosen nondik norakoak, gutxieneko ziurtasun horren barruan. Hark esaten digu, zorretan sartu edo oporretan joan gaitezken. Hark bizitzako etapa bakoitzean espero dezakegunaren isla. Errutina da kontsumitzaile soldatapekoaren aseguru eta zutarri aringarria, ezjakintasunaren olatuetan helduleku.

Baina errutina gabeko munduan, aldakortasunaren itsaso zakar asaldatuan, dardar egiten dute sistemaren oinarriek. Beldurrak gizartea izozten du, auto baten argiek zorigaiztoko orkatzaren pare, gaueko errepidean. Beldurrak babesa eskatzen du, babesa lehenesten. Haregatik ordaintzera bideratzen ditu gure ahaleginak, eskubideak saltzeraino sarri. Beldur salda lodian, azeriak nagusi dira. Azeri gorbatadunak, trufazaleak, zikoitzak, zaharrak eta gazteak. Besteen beldurrean aukera ikusten dutenak. Haiengandik babesten zaila du beldurraren ziztada jasan duen zorigaiztokoak.

Antsietatea, beldurraren alaba. Hura errutinak akabatzen zuen, baina errutina gabe sendagairik ez. Aldaketetara moldatzen jakitea tokatu zaigu, haiek onartzera bultzatu gaitu gure denborak. Gure mugak onartu eta pausuak neurtzera eraman gaitu. Azeriei irribarre batez erantzuten irakatsi digu. Aske izatearen baitan baitaude arrisku eta beldurrak, eta haiek garaitzean, gure nortasun eta estimuaren garaipena.