Errealitate anitzak

Erabiltzailearen aurpegia

Harrigarria da, sarritan, nola eragiten digun gutako bakoitzari bizi dugun egoera latz honek. Pertsona desberdinen errealitateak zein anitzak diren arazo berdin baten aurrean. Lehentasun eta interesek gure ikuspegitik erakusten digute egunerokotasun korapilatsu hau. Badira gure artean, denetariko ikuspuntuak aukeran. Bakoitzak berean sinesten du eta besteak mespretxuz begiratzen ditu zeharka, barre txiki urduriak irteten zaizkion bitartean.
Mutur batetik hasteko, beldurrak hartutakoak aipatuko nituzke. Bizitza gelditu eta oskol barruan gorderik izurria igaro arte patxada ederrean, leizetako hartzak bailiran lo geratu direnak. Gainontzekoak erotzat hartzen dituzte, kalean oinak jartzea ausartzen direlako. Bestetik, baditugu, arau zorrotzenei punta atera eta hura saihesteko trebeak diren haiek. Hamarnaka, seinaka edota bakarka kaletik pipak jaten ere musukoak ekiditeko artista hutsak direnak. Badira ere, honen gainetik sentitzen direnak. Beraiekin birusa ez doala uste duten haiek. Arau eta aginduak belarri batetik sartu eta bestetik irteten zaizkienak. Trump beraren immunitatea berengan sentitzen duten iluminatuak. Iluminatuak aipatuta, birusa badenik ere ezeztatzen duten negazionistak ere badira. Begi aurrean dutena ikusi ezinik konspiranoiak jota, mundu paraleloetara ihes egitea erabaki duten bakar batzuk.
Tokatu zaiguna tokatuta, bakoitzak aukera dezala bere bidea. Gertutik sentitzea ez da urrunean aditzea. Bakoitzak bere ikuspegia aldatzen du bizi duenaren arabera. Halaber, egoera honek asko irakasten digu bizitzaz. Gure burbuilatik atera arazten gaitu, errealitate anitz hau begietara begiratzera behartzeraino, bakoitzaren estrategiak azalaraziz estres egoera honen aurrean.