Neurriaren giltza

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Reparaz Extramiana 2021ko ots. 22a, 10:56

Kirola, lehia dakarren jarduera fisikoa omen da. Bata bestea baino gehiago den egiaztatzeko balio duen neurketa arautua. Askoren esanetan, norbanako edo talde baten berezko sen lehiakorra asetzeko eta bere mugak gainditzeko balio duena. Txikitatik kirolean trebatu behar dugula erakusten digute, osasuntsua eta hezigarria dela. Kirolak, drogen eta bizioen menpekotasunetik libratuko gaituela, orain eta gure heriotzaren ordu hartan, amen.
Jarduera fisikoaren ekarpena, dudarik gabe, emankorra eta aberasgarria da. Hezkuntzan egon da txertatuta, Antzinarotik gaur egun arte. Mens sana in corpore sano. Baina sarritan ez da batere sanoa hark dakarren lehia bizia. Errespetuaren muga gainditzen denean, kirola hezigarri izatetik baztertzaile izatera igarotzen da. XXI. mendean sartu ginenetik, ahalegin handiak egin dira kirola ekitatez bizitzeko bideak jorratzen. Muga guztien gainetik, kirolari ezinduenaren ametsak betetzen saiatu da gizartea. Hankak galdu zituen korrikalari olinpikotik, itsu izanagatik surflari izatera iritsi zenekora.
Horrenbeste saiakeraren aurrean ordea, noizbehinka lehiakortasun garratzenaren mamua ageri zaigu kirolgune susmagaitzenean. Galtzen irakatsi gabeko umemokoen haserre bortitza, zenbait gurasok maskulinitate garbienarekin identifikatzen dutena. Lehia areagotzeko, kirolaria amorru egoeran sartzea sustatzen duten entrenatzaileak, sor ditzaketen kalteei itsu. Beren seme alabengan euren txikitako frustrazioak kobratu nahi dituzten gurasoak. Lehiakideak etsaitzat hartzen dituzten bortizkeriaren sustatzaileak. Ikusgai nonahi. Errespetuaren mugetan, ezin bilaturik neurriaren giltza.