Txertatzen

Gaur egun txertatuta saltzen dituzten arren, txertoa frutarbolei egiten zitzaien ebakuntza bat zen. Zuhaitzek izerdia adarretan gora zeramatenean, udaberriak bere indar guztiaz elikatzen zituenean, mizpira txertatzen zen elorrian. Gerezi, okaran, udare eta sagar kontua zen txertoarena. Bost sagar mota txertatuta zituen sagarrondoa ere gogoan dut aitonaren baratzean. Orain txertoa beste gauza bat da. Haien mota desberdinak ere banan-banan aipatzeko gai gara gehienok, baten batek, Michelle Pfeiffer nahasten badu ere haien izenen tartean. Adina edo lanbidea hizpide, xiringa zorrotzak helmugan dituzten ilara luzeak agertu dira. Adina, zaharrenak direnak txertaturik, haien heriotzak gutxitu direla ematen du. Lanbidea, jendaurreko arretan, berebizikoak diren lanbide haiek ere jasoa dute aurtengo txerto berria.
Txertoak, ordea, beti izan du arrisku bat. Frutarbolei galdetu bestela, haien adar nagusia mozten zen, han beste adar bat sartzeko. Ongi ateraz gero, lore ederrez loratu eta fruta gozoz betetzeko bidean jartzen zen. Txertoak, landare berrian izerdia hartzen ez bazuen berriz, landarea ebakita, aurrera atera ezinik geratzen zen. Udaberri honetako txertoek ere arriskua badute, txikia, baina badute. Txikia bada ere, pasa dugun urtea pasa ondoren, beldurra eragiten digu arrisku hori hartzeak. Baina zein da beste aukera? Nahi eta nahi ez, mundu globalizatuan bizi den artalde handiaren parte gara. Lurrez, airez eta itsasoz lotu ditugu kontinente guztiak. Bazter guztiak kutsatu ditugu hilabete gutxitan. Heriotzari ihes egin diogunok badugu esker ona non adierazi. Senideengatik, adinekoengatik, bizilagunengatik, ezezagunengatik, txertoa hartu eta honekin amaitu beharra dugu behingoz. Zain dugun udaberri berria benetakoa izan dadin guztiontzat.