Astekoa

Desikasten

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Reparaz Extramiana 2021ko mai. 24a, 09:02

Heteropatriarkatua, zuntzeraino sartutako ezten pozoitsua gure jendartean. Gizonaren paper gogor eta lehiakorra aldarrikatzen duen pentsamolde zurruna. 
Gizona zer den zehatz mehatz dakiena, gizona ez dena gutxiesten duena. Haren arabera, gizona ez da ahula, gizonak ez du barkatzen, are gutxiago negar egiten. Bere ingurukoen lekua zein den argi du. Baita haien akatsak zeintzuk diren ere, eta zein zigor dagozkien azkar batean epaitzeko gai da. Hark dioena ez da gezurra, agian ez egia borobila, baina ez da gezurra. Ontasuna akatsa da harentzat, konfiantza amu bat baino ez, mesedea truke bat, barkamena mozorro bat. Kolpeak jasan baino arinago emateko gai da, lehenak bitan ematen omen duelako. Arkume inozoen aurrean otsoa da, oiloen artean azeria.
Emakumea ez da haren harrapakin bakarra, baina bai guztietan errazen antzematen dena. Emeenak dira haren ustetan  lotsa, pekatua eta ezjakintasuna. Harenak ahultasuna eta ahuldadea. Gizontasun duinera iristen ez diren haiek identifikatzeko gai ere bada, otso izatera iritsi ez diren gizagajoak, mesprezua merezi duten izaki ez osoak. Askatasuna kontzeptu politiko bat izateaz gain, norbanakoaren erabaki eta bizitza hautua errespetatzea eskatzen duen ametsa da. Kolonbiako kaleetan atxilotu eta bortxatutako neska; Iranen bere familiak hildako homosexuala; bikotekideek hildako emakumeak; matxismo oldarkor eta arriskutsuenaren adierazle dira. Gure artean dabil, gure buruen barruan, desikasi beharra dugun pozoi garratza da. Desikasten ikasten, etorkizun hobe baten bila.