:D

Erabiltzailearen aurpegia Zoila Berastegi 2014ko urt. 24a, 06:00

Euskal Herria euskararen herria dela jakin badakigu; euskalduna, euskara duna. Misterio bat da oztopoak oztopo, nola iraun duen gure ama hizkuntzak mendez mende gure artean, gure barnean, batetik bestera eta hemendik hara. Mendiek babestua agian; jendartearen burugogortasunak eta ausardiak bultzatua beharbada, nork daki. Baina ziur nago, funtsean maitasuna eta kontzientzia izan direla euskararen biziraupenean ezinbesteko. Batetik geurea den horrenganako, gu egiten gaituen horrenganako maitasuna. Bestetik aldiz, ondare kultural bat galtzen ez uztearen kontzientzia. Eta burua bihotzarekin eta bihotza buruarekin elkartzen ditu ahoak. Ahoa da zubia, tresna, lanabesa. Hizkuntza bat izango bada hitz egiteko da eta hitz egiten delako da.

Baina geure euskara gaur arte iritsi bada ere, euskal hiztun komunitatea gaixo dagoelakoan nago. Haur askok euskara ikasten duten arren, heldu asko euskalduntzen diren arren, euskaldun zahar asko gauden arren, euskaraz bizitzea ez da erraza. Borondatea, nahia, erabakia eta gogoa piztu behar dira norberarengan, eta elkar kutsatu. Argi dago, euskal jendartea izango dela gakoa, instituzioetatik ezer gutxi espero baitaiteke. Eta bestela ez dago Nafarroako parlamentura begiratu besterik: D modeloko ikastetxeak modelo erdaldunekin elkartu nahi dituzte elkarbizitzaren izenean, bi hizkuntzen arteko desorekari entzungor eginez. Euskara ganoraz barneratzea eta horretarako bermeak jartzea da elkarbizitzarako lehen pausoa. Nik nigandik desberdinak direnekin elkarbizi nahi dut, nola ez, baina euskaraz bai, euskaraz blai.