Baina uste dut, izan bateko edo besteko, guztiok ados egongo ginatekeela gauza batean: Euskal Herria lur eremu bat da; espazio fisiko bat da; leku bat; muga batzuk dituen lurralde bat. Horixe izango litzateke azala, begi bistakoa dena.
Baina liburu bat bailitzan, kontra-azala ere badu: Lur eremu horrek bere baitan gordetzen duena, babesten duena, sortzen duena. Gure herri honek duen edukiera hain zuzen ere, ontzi bat bailitzan. Euskal Herria ispiluan begiratuko balitz, emakume baten gorputza islatuko litzateke. Jaioko den horri kabida emango dion lekua baita emakumea. Hark elikatzen du, hark amestu, hark arnastu, hark sentitu etorriko dena; beragandik minaren minez sortuko da umea. Eta Euskal Herritik sortuko da baita ere minaren minez gu garena.
Bai emakumea nola herria, biak dira gorputz. Bizirik dauden bi gorputz. Oraindik ez dena erditzeko eta izatera pasatzeko zubia. Eta agian horregatik, beren baitan bizitza bera sortzeko daukaten ahalmen eta indar horregatik daude isilaraziak, mututuak, bahituak. Herria bada, emakumea bezalaxe, baina ez batak ez besteak ezin dute haien nahien araberako erabakirik hartu. Atzerritarrek, izanaren gotorleku izatea zer den ez dakiten horiek, erabakitzeko eskubidea debekatu diete, digute; bai emakumeoi bai Euskal Herritarroi. Eta ozen esan behar diegu: NIRE GORPUTZEAN NIK ERABAKITZEN DUT ETA GURE LURRAZALEAN GUK ERABAKITZEN DUGU!