Alboan, zinemako sarrera bat: “Full monty”, Golem Baiona, 9. Ilara, 13 eserlekua dio. Lehen muxu haren aurrekari izandako papertxoa eta kolorantez disimulatutako petroleo zatitxoa, besterik gabe. Hutsa memoriaz betea. Mahai gainean san juan bezperan ateratako argazki hura. A ze nolako piura. Betiko lagunak besotik helduta, irrifartsu, katxiak eskuetan eta blusa gerrian. Zer diren 18ak betetzea, eta mundua jateko adina gose izatea. Lagunak alboan, besterik ez da behar. Begirada jaso eta hantxe sekula jantzi gabeko jertsea. Amonak tentuz eta mimoz egina, kolore hori eta berdekoa. Baina nork jasan bizkar eta besoetan sortzen zuen azkura hura? Estalian garbigailuan bero-bero garbitu eta txiki-txiki atera zenean antzeztutako harridura keinua burura. Sekretu txiki bat. Itxi atea. Eskailerak behera; 5.-ena eta 7.-ena ez zapaltzea hobe, goizeko ordu txikitan heldu eta inork jakiterik nahi izanez gero behintzat. Pasilloan barna, eskubitara egongela eta ezkerretara sukaldea. Tomateari gatza eta azukre pixka bat bota behar omen zaio, eta “abajuari” baratzuri nahiz olio franko, ez omen zekien idazten eta mutilagunak eskutitzetan akats ortografikoak zuzentzen omen zizkion, fritoen misterio bakarra masari bueltak eta bueltak ematea, prestamoa ordaindu ahal izateko beltzean saldu omen zituen arkume bi eta txipiroiak hurren egunean beti hobeak. Horrela dira sukaldeak, beti kontu kontari. Sarrerako atea istean etxekoak usaitzeko gai ez diren etxeko-usainaz da agurtu. Etxetik kalera, kaletik herrira, herritik mundura. Nork daki nora? Badoa denak utzita. Bihotza uzkurtua. Badoa, ez du beste aukerarik. Badoa joan nahi ez badu ere. Badoa eta ez du atzera begiratuko.