… banintz…

Erabiltzailearen aurpegia Zoila Berastegi Mariñelarena 2014ko eka. 27a, 06:00

Uste dut Hemingwayek baino eragin handiagoa izan zutela nigan Lourditasen kontakizunek: “mundu oso bat dago hiriko kaleetan barna; beltzak, horiak, jai hasieran txuriak ziren gorriak, saltzaileak, mozkorrak, lapurrak, artistak… imajina ezazu hiri “estasiatu” bat edota biharamunik gabeko bederatzi egun edota denboran gelditutako orgasmo bat. Imajinatu Dionisioren erreinua. Gordeko sekretu bat? –nik baietz buruarekin eta berak ahotsa jaitsiaz- Ni Dionisia izan nintzen Iruñan”. Nik banekien Lourditasek bere bizipenak zertxobait puztutzeko joera zuela, baina Dionisia izateak, zer esan nahi zuen ez jakin arren, izugarri erakarri ninduen. Izan ere, nire bizitza betikoa zen; betiko gauza aspergarriz goraino betetako kutxa bat; edozein egunetan zakarrontzira botaz gero, inork faltan botako ez lukeena! Beraz, uztailaren 6tik 14ra oporrak hartu nituen. “Bakarrik?” –amak.  Noski! Dionisia batek ez du inor behar, hirian munduarekin dut hitzordua, pentsatzen nuen nire baitan. Eta baita egin ere: txuri-gorriz jantzia eta motxilan lau kulero sartuaz hartu nuen Iruña aldeko bidea.

Kalimotxoz blai pasa nituen lehenengo egunak. Edonorekin. Edonon. Edonola. Txarangaz txaranga. Hirugarren egunerako Dionisia zen nire buruaren jabe. Baina uztailaren 9an bukatu zen guztia. Jendetzak, garrasiek eta adrenalinak ez zidaten besterik ikusten utzi eta ez dut deus gogoratzen. Bihotz pareko orbainagatik ez balitz, ez nuke jakingo Iruñan egon nintzenik ere; banintzenik ere. Orain jakin badakit.
Zoila Berastegi