Iraila

Hilabete berezia da iraila. Eta ez diot urtaro aldaketa dakarrelako harekin, ikasturtearen jo puntua delako baizik. Denborak eta ibiliak hustuko dituen asmo eta proposamen puztuen garaia; Laboaren omenez, martxa baten lehen notak. Nota haien esana, egungo iraila honek ere badio: “bat inon loturik deino ez gara libre izango”. Herrirak, herriak, dio. Eta aurtengoa ere kolosala izango da, beste milaka lagunekin batera Sarrik bertan bere izenburua Bilboko kaleetan barna irudikatuko baitu. Izan ere, irudi batek mila hitzek baino gehiago balio dutela esan ohi da sarritan: Mali, Senegal edo Gineako gizon bat, salbamendu-jaka soinean, uretan flotatzen, haren aurpegi eta azken arnasa ur azpian galdurik, eta honekin eskutik Espainiar estatuak Europari laguntza ekonomikoa eskatuko dio etorkinen etorrera ekiditeko. Merkantziek libreki zirkulatzen duten honetan, pertsonek libre zirkulatzearen “arazoa” “konpondu” “beharra” dago, esango du bere baitan atzerri ministroak iraileko egun hauetako batean. Konpontzeko gatazkak egon badaude, han eta hemen. Baina gatazkak konpontzea nahi ez dutenak ere bai, bai han eta bai hemen. “Han” da Palestinan, Sirian, Ukranian, AEBn eta komunikabideak iristen ez diren eta beraz ikusten ez ditugun munduko beste hainbat txokotan. “Hemen” da gurean, etxean. Katalanentzat “V” denak Elhuyarren badu itzulpenik: “G”, garaipena. Euskal Herriaren G puntua aurkitzea da beste askorentzat esku-bidea. Izan ere, eskubideak ez dira negoziatzen, ez irailean ez beste hilabeteetan. Poltsa beltzen mespretxua jasan arren, “Jaizkibel”-ek badaki.