“Maremoto”: latinetik “mare” Itsaso eta “moto” mugimendu. Lurrikara baten ondorioz sortutako Itsaso mugimendu bortitza; olatu erraldoien dantza; kostaldeak irensten dituen ez-ohiko ikuskizuna. Baina hara! Maremotoen inguruan idazten ari naizen honetan, gure burmuinean ematen diren milioika sinapsietako batean, “maremoto” hitza Marotorekin lotu dut. Ba ote du zerikusirik?
Maroto maremoto. Bertsolaritzatik ote datorkit sinapsi xelebre hau? Hitz jokoa eman lezake… Izan ere, ez da erraza PP-ko politikari bat fenomeno bat izatea, eta are gutxiago, fenomeno natural bat. Baina tira, sarkasmoak sarkasmo, nire garuneko sinapsi hau hitzetara itzultzeko ahaleginean jarraituko dut. Ea, ikus dezagun…
Uztailean Javier Marotok etorkin magrebiarrak laguntza sozialetatik bizi zirela eta ez zutela lanik egin nahi baieztatu zuen. Inongo aurreiritzirik gabe; kasu batetik kausa batera jauzi egin gabe; batere orokortu gabe esan zituen Gasteizko alkateak esan beharrekoak. Behar den bezala, zintzotasunez eta ziurtasun osoz, zientziaren zurruntasuna lagun.
Eta sinapsi apeten ondorioz, Gasteizen bizi diren magrebiarrak, etorkinak, oro har, datozkit gogora. Ziurrenik haietako askok itsasoko olatuen mehatxua jasan behar izan zuten gure herrira iritsi aurretik, maite zuten guzti hori atzean utzita, urak betiko irentsiko zituen beldur. Eta uraren ondoren, lurra. Gure lurra, haiena ere badena, besterik gabe, gurekin bizi direlako, gure bizi lagunak edo lankideak direlako. Baina ez… amets gaiztoetan lez, berriro ere betiko irentsiko dituen olatu erraldoiaren mehatxua: Maroto maremoto.
Sinapsien aferan, harrigarria benetan Maroto bezalako politikarien sinapsi falta.