Emahalduntzen

Badator korrika. Korrika dator. Ez da bat baina… ehundaka dira, milaka esango nuke nik. Zalapartaka, oihuka, algaraka, barrezka… datoz. Badatoz.  Kolore guztietakoak daude, tamaina guztietakoak. Gertu dira. Prest. Gertu daude. Han, hor, hemen. Aldamenean, barrenean, sakonean, azalean. Hemen daude ez direlako inoiz joan. Agian ez ditugu ikusi, baina beti egon dira, beti izan dira. Denboraren orratzen joan etorri etengabean jostorratzak hatzetan izan dituztenak dira. Batzuetan hariari tiraka, isiltasunaren etzalekuan, sartu eta atera, zauriak itxi nahiko lituzketen mihizkadak balira bezala. Beste batzuetan korapiloetan preso; haiek askatu nahi eta gehiago estutzen. Eztarria lehor eta ahoa mutu. Amets-gaiztotik esnatzeko oihu egin nahi eta ahots-kordak erantzuten ez dutenean bezala. Eta beste batzuetan aldiz,  jostorratzak dantzan jarri dituztenak. Jostorratzek josteko balio izateaz gain, zizt egiteko ere balio dutela jabetuak. Ohiko sartu-atera mugimendu mugatuak apurtu dituztenak, irauli dituztenak. Oihal berriak sortu dituztenak.

Emakumeak dira. Gara. Etxeko lau paretetan jositako oihalak partekatu ditugunak. Eta etxeko lau paretetatik kanpo ere jostera gatozenak; oraindik ere egon badauden korapiloak askatzera; sartu-ateraz gain beste makina bat modu badaudela aldarrikatzera. Gure ahalmenaz, sormenaz, kemenaz jabetuak, jostorratzak dantzan jarri ditugunak gara.  Emahaldunduak batzuk, emahalduntzen beste batzuk. Baina guztiok hortxe… bidean. Ez dator korrika, korrika datoz. Ehundaka, milaka…