Hasieran agian ezinegona zen. Edo galdera. Edo amorrua. Edo nekea. Edo tristura. Ondoren beharbada nahia, gogoa, beharra. Gero hitza, jatorria, esanahia, erabilera, tartean orri txuriak eta zirriborroak han-hemenka. Hiztegiaren ustiaketa, bisturia eskuetan. Jarraian oroitzapenak, zigarroak, kontakizunak, bizipenak, ametsak, kafeak. Jostunen lana segidan. Nola josten dira hitzak? Nola sortzen imajinak? Hariari tiraka eta tiraka, mezua. Hitzek elkarren ondoan sortzen dutena hitz bakoitzaren esanahien batura baino gehiago delako. Esan nahi duguna esateko hitzik ez dagoenean, hizkuntzaren hutsune bortitzekin aurkitzean, badelako irtenbiderik. Hori irakatsi dit.
Agian esan beharrekoa hitz gutxitan esaten zekielako. Agian mendeetan isilean egon zenari ahotsa jarri ziolako. Agian punteria onekoa zelako eta esaten zuenak, gezi bat legez, bihotzera iristeko abilezia zuelako. Agian politikoa bezain poetikoa zelako. Agian amnesia kolektiboaren kontra borroka etengabean aritu zelako. Agian gizakion aurpegi iluna gozoena bezain bestetan azaleratzen zuelako. Agian garaiak, pertsonak eta lekuak “honeratzen”, “oraineratzen” zekielako. Agian Historia istorioetan kontatzeko gaitasuna zuelako.
1400 karaktere ezer gutxi da, badakit. Baina badu bere balioa, niretako bederen, eta horregatik hari eskaini, oparitu, eman, zuzendu, bidali nahi dizkiot karaktere hauetako bakoitza. Niretako opari bat izan direlako esku artean izan ditudan bere hitzetariko bakoitza. Horregatik, eta ziurrenik bera baino handiagoa zen obra utzi digulako… mila esker Galeano.