Bidaiak

Udako bero giroak gorputzak izerdiarazten dituen honetan, asko dira arropak txukun tolestu eta maletak egiten dituztenak, pasaportea ondo eguneratua dutela ziurtatu ondoren. Muda, nezeserra, arratsen batean hozten duenerako jertsetxo bat, eguzkitako krema, toaila, lagun batek aholkatutako liburua… ipurdia gainean jarrita ere zailtasunez ixten den kremaileraren erresistentzia gainditu eta eskuartean poltsa hartuta, askok dute beren etxeko zerraila bi-hiru giltza-bueltaz ixten aste bat, bi edo hirutarako. Hori bai, bizilagun edo senideren bati landareak zenbat egunetik ureztatu eta katuaren jana non dagoen ondo azaldu ondoren. Eta bileteak? A, hemen! Eta argazki makina? A bai, motxila txikian. Kaka zaharra, mobilaren kargadorea  gau-mahaian ahaztu dut…

Horrelakoak dira hasierak. Ondoren bidea. Iraganaren nostalgia galdu ez dutenak kotxez, autobusez edo trenez egingo dutenak. Azken modaren orratzez gidatzen direnak berriz, hegazkinez, txalupaz edo ondo prestatutako furgonetaz.

Helmuga zenbat eta urrutiago egon orduan eta hobe. Exotikoa eta originala behar du izan. Ur gardeneko ametsetako hondartzak eduki behar ditu. Azalak oharkabean gorritzen diren bitartean koko edo papaia bat jaten delarik. Koktela gauean. Eta udako bidai batean ezin dira “lonely-planet” edo “trotamundos” gidetan irakurritako leku garrantzitsuenen parean ateratako argazkiak faltatu. Iristean lagun eta senitartekoei ilusioz erakutsiko zaizkienak, haien zorigaitzerako.

Eta orain galderak: zein herritan egon gara? Nortzuk dira bertakoak? Zein izan da haien historia? Zein doinu du haien ama-hizkuntzak? Zein ohitura dituzte?

Munduko leku askotan egon garela esatea baino zerbait gehiago da bidaiatzea. Eta askotan bidaiatzeko ez da etxetik atera behar.