ANIMALIAK

kolaboratzaileak

Aztarna bat erdibidean dago. Denboraren orratzek ezin neurtu duten zubi batean: iragan trazu baten oraina da batetik, eta orainak izandako aurrekarien salataria bestetik. Bai;  badu aztarnak salataritik. Zerbait kontatzeko bokazioz iraun du; pazientziaz itxaron du; zain; hura irakurtzeko gai diren begien zain. Kobazuloetako iluntasuna apurtzera datozen argi bi.

Bertakoak trazuak dira, ez besterik. Behin margo batez utzitako inpresio bat, islada bat. Bisonteak. Zaldiak. Eta hatz-marketan ditugunak ere trazuak  dira, besterik gabe. Pasa den horretan izan dugun erantzunkizunaz mintzo direnak dira. Gure sinadura zintzoena. Baina bada hatz-aztarnen beldur denik ere. Eskuak zikinak izan eta hala ere kontzientziak lasaitu nahi dituztenek maiz erosten dituzte eskularru zuriak.

Zuri eta beltz. Ez du maite grisa zebrak. Ez asto, ez zaldi. Ez du hibrido izaerik. Mutur bakoitzari bere lekua emanez jazten da egunero- egunero. Ez dio zuriari beltz izateko eskatzen, ez beltzari zuri. Horiek dira haren arrastoak eta arrasto horiek dira bera, zebra. Zebrak ez du ez izen ez abizenik. Baina emakumea da; zebra emakumea deitzen diote. Eta oso ilun den kobazuloren batean daude bere arrastoak, bi begiren zain. Bien bitartean arnasten jarraitzen du, bere oraingo begirada galduak iraganeko aztarnetan dizdiratzen dutelarik. Inork ez du ulertzen, inork ez daki… oraingoz.