Galdetuko banizu: Zu arrazista zara? Ziurrenik ezetz erantzungo zenidake. Eta homofoboa? Ziur aski, ezta ere. Xenofoboa ote zaren galdetuz gero, ia seguru ezezko batekin erantzungo zenidakeela. Ziurrenik matxistatzat ere ez duzula izango zeure burua.
Bada, hona hemen nire Guaixeko aspaldiko zutabe hau berrestreinatzeko aitorpena: Ni bai. Ni arrazista naiz, xenofoboa, homofoboa eta matxista. Eta sentitzen dut irakurle, baina zu tamalez, ere bai. Dena den, ez nuke ardura lausoarazten duen lehen pertsona plurala erabili nahi; ez nuke “gu”-aren atzean ezkutatu nahi; nahiz eta aitorpen kolektibo bat ere ongi etorriko litzaigukeen, nire uste apalean. Lehen pertsona singularra bortitzagoa da, baina zintzoagoa ere bai. Eta badakar ekidin ezin den zerbait: ardura pertsonala. Eta harekin eskutik, poterea, ahalmena, aukera; gauzak aldatu ahal izateko, edo aldatzen hasteko bederen.
Horregatik diot, bai: ni arrazista, homofoboa, xenofoboa eta matxista naiz; gizarte eta hezkuntza bat xurgatu dudalako (gaileta mariak esne berotan lez) edo hark ni xurgatu nauelako; eta hainbatetan harrapatzen dudalako nire burua ijito bat ikusi eta poltsoa heltzen; edo motxiladun arabiar bat autobusean sartu eta bonba zartada bat imajinatzen; edo eskote zabal eta gona motzdun emakumea nire begiradarekin kritikatzen, edota bere edertasunera begiak joaten zaizkidanean nire burua zensuratzen. Horregatik eta 1550 karakteretan sartzerik ez dudan zerrenda luze bategatik aitortzen dut xenofobo, arrazista, homofobo eta matxista naizela. Eta hona bigarrena: ez dut izan nahi. Baina gauzak aldatzeko lehenik ikusi eta onartu egin behar dira, gustokoa ez izan arren. Ez dago besterik.